XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PNVko buruzagiak euskaraz ikasten

PNVk Alderdiaren barruan euskara indartzeko asmoa omen du.

Dagoeneko izendatua du batzorde bat lan hori gidatzeko.

Eta, publikoak ezagutu duen lehenengo urrats bezala, Alderdiko buruzagi eta kargudunetatik hasi da lanean, horiek euskalduntzeko plan bat eginez eta laguntzak eskainiz.

Herri hau, euskara salbatu beharra dago, bai, eta gero ezer egiten ez duen politiko, intelektual eta artistaz beterik dago.

PNVri berari behin baino gehiagotan salatu zaio projektu baten eta politika deziditu baten falta, Alderdi barruan adina Jaurlaritzan.

Beraz, berri pozgarria izan dugula, ez dago esan beharrik batez ere bultzada berri baten hasiera bezala uler daitekeelakoan.

Euskaldun eta euskaraz iharduten ikusi nahi ditugu Euskal Herriaren ordezkari ofizialak eta buruzagiak.

Euskara gehixeago entzun nahi genuke Gasteizko Parlamentuan.

Ametsetan Mario Fernández derrota bat jasateko experientzia egiten ikusi nahi genuke, bere arloaren defentsa, gaztelania bizkorrean egin ordez euskara berri, motelean egiteagatik.

Ez, ametsetan ere derrotak berak ezer positibotzat dauzkagulako, edo inori derrotarik opa diogulako: garaipenaren prezioa luzarora ezinbesteko derrota batzu direla, fedea eta itxaropena daukagulako baizik.

Agian politikoak orduan konprenituko luke, horixe besterik ez dela euskaltzalearen existentzia guztia herri honetan, pertsonal eta profesionalki.

Eta, agian, posibilitate bat irekitzen ikusiko genuke, euskaltzaleak eta politikoak, sinesmen batean eta esperantza berean elkarturik, euskararen alde, ez hitz, baina lan eta borroka egiten aritzeko.

Esperantzari, behintzat, eutsi nahi diogu.

Lehen ere hartu izan dira horrelako erabakiak beste zenbait Alderdi edo Alderdi-antzekotan.

Ez dute ezertarako balio izan, euskararen beste burla bat gehiago izateko ez bada.

PNV ez dadila gera gesto testimonial hutsetan, opa diogu (geure buruari lehenengo): ez horretarako bakarrik, baina baita beste haiek behin-betiko lotsarazteko ere.